TEKNOLOGIAK KRONOLOGIKOKI
Haurtzaroan ginenetik izugarrizko bilakaera jasan du teknologiak, inoiz pentsa ezin zitekeena. Gaur egun teknologia eta IKT denadelakoan murgildurik gaudela ezin liteke ukatu, geure gizartean behintzat. Gogoan dut, txikia nintzela, etxeko ordenagailua soilik zenbait jokorekin dibertitzeko erabiltzen nuela, eta zenbaitetan internet zeozer arakatzeko. Garai hartako ordenagailuek eta gaur egungoek ere ez dute zerikusirik, gaua eta eguna direla esan genezake. Bilakaera nabarmen hau urte gutxitan eman da, 10 urtetan inguru kasu. Garai hartan ez genituen mugikorrik, salbuespenak salbuespen. Hala eta guztiz ere, argi dago tramankulu horiek ez zirela gaur egun erabiltzen ditugunak... mugikorraren funtsezko funtzioa betetzen zuten soilik gehienetan; hau da, deia. Aldaketa hau bortitza eta bapatekoa izan da, eta hemen betiko eztabaida agertzen da; onuragarria edo kaltegarria izan al da hau? Neure ustez, pertsonalki, teknologia ezinbestekoa bihurtu da geure gizartean, bai hezkuntzan, bai administrazioan, bai harremanetan...
Goazen ba hezkuntzan duen garrantzia aztertzera, irakasle izan nahi dudan neurrian. Gogoan ditut, Lehen Hezkuntzan, hirugarren zikloan bereziki, informatika gelan pasatzen genituen uneak. Gehienetan matematikako ariketak edota ingeleseko listening- ak lantzen genituen, bai eta, noizean behin, mekanografia kontuak ere. Guztiok genituen gustuko informatika gelara egiten genituen bisitak, dibertsioaren seinale bezela ikusten genuelako hura. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), gezurra badirudi ere, ordenagailuen funtzioa nabarmen aldatu zen. Dagoeneko jokuak alde batera utzi eta gehienbat informazioa bilatzeko erabiltzen genituen. Momentu honetan hasi zen smartphone-en kontu hau; dagoeneko gutako bakoitzak bat geneukan, eta sozializatzeko erak aldatu egin ziren nabarmen. Honekin batera sare sozialen agerpena eman zen ere, Tuenti edo Twitter izenekoak.
Hauekin batera, edo zertxobait beranduago, whatsapp- aren agerpena etorri zen, ikasleontzat oso erabilgarria izan dena, nahiz eta jende askok ezetz pentsa.
Konklusio bezela, esan, teknologia berriek, oro har, itsutu egiten gaituztela, ez baitugu honek ekar ditzazkeen ondorioak ezagutzen edo jakin nahi. Beraz, benetan gakoa hauen erabilera egokia izango litzateke, zalantzarik gabe. Gehiegikeriak bizitza honetan ez dira onak, eta teknologia ez da salbuespena; garrantzitsuagoak diren beste gauza asko ere landu behar ditugu, besteak beste, harreman sozioafektiboak, enpatia...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina