2015(e)ko urriaren 27(a), asteartea

IRAKASLEAREN (NAHIZ PRAKTIKARIAREN) ERAGINA IKASLEENGAN, BITXIKERI MODUAN


Kaixo denoi!

Aurreko asteko ostiralean, aurretik neure tutorearekin hitz egin nuela, Magisteritzako lehenengo urtean osatutako herbario bat eraman nuen ikasleei erakutsi eta aurkezteko asmoz; izan ere, astean zehar, hostoen inguruan solasten zutela ikusi nuen, eta aukera bikaina zelakoan erabaki hau hartu nuen. Esperientzia polita izan zen oso; irakasleak askatasun osoa eman zidan honen aurkezpena egiteko, eta gehienbat azaleko behaketa bat egitea erabaki nuen, baita haurrei hostoak ikutzeko aukera eskainiaz, beti ere gozotasun edota leuntasun punttu batekin, ez puskatzearren.

Ikasleak oso pozik eta gogotsu ikusi nituen hasieratik, interes handia erakutsiaz gaiaren inguruan. Behaketaren esparru ezberdinak landu eta haietaz aritu ginen mintzatzen; hala nola, hostoen forma, koloreak, luzera, zabalera, tamainak...

Hain handia izan zen ikasle hauen interesa gaiarekiko, zein atzo bertan, ikasle batek, herbario antzeko bat ekarri zuen etxetik egina, poster batean itsatsita, benetan bikaina!

Egia esan, satisfakzioa oso handia izan zen ikaslearen lana ikustean, azkenfinean nik egindako lan eta aurkezpen batek motibatu diolako haren herbarioa egitera. Teknologien erabilpena bertan nulua izan dela esan beharra dago, eskulan bat bezala kontsideratu genezake; izan ere, teknologiarik gabe ere, oraindik, gauza ederrak egin ditzakegu!





Hurrengo post- ean asignatura bakoitzean erabilitako ordenagailuetako programen izenak aipatutako ditut, eta posible izatekotan, hauen erabileraren iruzkin bat. Hurrengo arte!!

Bukatzeko, esan, praktiketan taldean hitzartutako "proiektua" edota "esperientzia" ezin izango dutela gauzatu; izan ere, lehenengo ziklokoak dira oraindik, teknologietaz oso urrun... Guk egiteko pentsatuta geneukanatik behintzat.




2015(e)ko urriaren 24(a), larunbata

BIGARREN ASTEA (TEKNOLOGIAK)


Joan zaizkigu jada praktikaldietako bi aste, denbora nahikoa zenbait gauzetaz ohartzeko, baita hauek azterketa sakon bat egiteko ere. Azkeneko aste honek teknologiarekin loturiko zenbait bizipen edota esperientzia utzi dizkigu, nahiz eta lehenengo zikloan aritu. Honek benetan harritu egin nau, positiboki noski, txikitatik hauek maneiatzeak ondorio oso eraginkorrak izan ditzazkelako, eta ahare gehiago gertu eta ikusten dugun etorkizun honetan, etorkizun teknologizatu batean. 

Hasteko, esan, ikasle guztiak, nahiz eta txokoetan egin lan, ordenagiluetatik pasatzen direla, zenbait eragiketa, buruketa... osatzeko. Benetan gustuko dute une hori, oro har, ikasleentzako gauza berria baita. Ez dute inondik ere ordenagailua oso ondo maneiatzen, baina hau ez da arazoa, ikasteko baitaude, pixkana- pixkanaka. 

Asteazkenean bertan (urriaren 21) matematikako klasean lehenengo solairuan dagoen gelaxka batera joan ginen, bertan ordenagailu eta pantaia handi bat zeudelarik. Programa baten bidez ( aurrerago hitz egingo dut programa honi buruz, beste sarrera batean) egin genuen lan, eta haurrak oso motibatuak ikusi genituen; benetan geure etorkizuna irakasle moduan horrelako programekin lotuta egongo zela esan zidan irakasleak, adostasun osoa adierazi niolarik, egia baita, hori dirudi behintzat.

Atzo bertan, ostiralean (urriaren 23), telebista saio bat prestatu genuen, hedabideen txokoan, Amando irakaslearen laguntzarekin. Bertan klaseko 7 ikasle agertu ziren, bakoitzak gauza desberdin bat esan behar zuelarik; adibidez, data, eguraldia, albisteren bat, menu-a... beti ere aurkezle batek zuzentzen zuelarik. Grabazioa hirugarren zikloko bi ikaslek egin zuten, jada gauza berriak editatzen, musika jartzen, beste irudi batzuk agertzen... Teknikari bikainak!



















2015(e)ko urriaren 14(a), asteazkena

PRACTICUM I - bigarren eguna (urriak 14)


Gauzak oso ondo joan dira bigarren egun honetan. Haur ia guztien izenak ikasi ditut, eta ondorioz, hauekinn elkarreragin handiagoa izatea lortu dut, laguntza gehiago eskainiaz, oro har. Matematikako klasea oso kuriosoa eta aberatsa iruditu zait; bertan bigarren mailakoek lehenengo mailakoei nnola erakusten zieten argi ikus zitekeen. Ariketa guztiek errealitatearekin zerikusi zuzena dutela esanguratsua iruditu zait, aipatzeko modukoa.

Ikasleak, oro har, oso mugituak dira, baina lanean jartzen diren heinean egin beharreko horretan kontzentrazioa handitzen doa, gogotsu ikusten ditut, salbuespenak salbuespen. Konfiantza handia lortu dugu bi egunetan, eta gaur bertan, galderak egiteaz ez dira nekatu, gehienak burutzen ari ziren ariketen inguruan, haien irakaslea izango banintz bezala, esperientzia bikaina!

Asko harritu nau elkarrekiko duten errespetuak, oraindik ez dut eztabaida esanguratsurik ikusi, eta adin hauetan nahiko ohikoak izaten dira. Hala ere, elkarrekin solasten, dibertitzen, barre egiten... dute. Eta ahala jarrai dedala!

Hurrengo egunetan garrantzi handiko edota aipatu beharreko zerbait gertatzen bada, edo ikuskatzen badut, blog- a erabiliko dut berriro ere, zuei honen berri emateko.

2015(e)ko urriaren 13(a), asteartea

PRACTICUM I - lehenengo eguna (urriak 13)


Gaur izan da neure lehenengo eguna Practicum I- ean. Goiz goizean, sartu baina lehenago, Amara Berri eskolan egingo dituzten beste ikaskideekin elkartu naiz, ez baikenekien zehaztasunez zer egin. Lehen Hezkuntzako ikasleak eta Haur Hezkuntzakoak elkarrekin geunden. Sarreran geundela zuzendaria hurbildu zaigu, eta zenbait minutu han itxaron ondoren, ikasgela batean sartu gaituzte. Borobil  erdi bat osatu eta bertan zeuden bi irakaslek (Amara Berriko web orria antolatu eta idazten dutenak), batik bat, Amara Berriko sistemaren inguruan hitz egin digute (gehiena bagenekien jada), prezzi izeneko herramienta erabiliaz, aurkezpenaren hasieran eta amaieran bi bideo laburtxo jarriaz. Presentazio hau hiru ordu ingurukoa izan da, tartean deskantsatzeko ordu erdi utzi digutelarik. 

Behin hitzaldia bukatu dela, berriz ere zuzendaria sartu da ikasgelan eta ikasle bakoitzari zein zentro egokitu zaion esan dio, baita geure tutorea izango denaren izena ere. Niri Ferrerias zentroa eta lehenengo zikloa egokitu zaizkit. Printzipioz oso pozik jaso dut albistea hura. Segidan, bizikleta hartu eta etxera joan nintzen, berriro ere ordu bi eta erdietako sartzeko, eta egokitu zaidan tutorea nahiz ikasleak ezagutzeko. Lehenik eta behin zuzendariak aurkeztu gaitu eskolaren sarreran, eta elkarrekin igo gara haren ikasgelara. Bertan motxila utzi eta ingeleseko ikasgelara eraman nau, beste irakasle batekin. Bertan neure partehartzea uste baino aktiboagoa izan da, izan ere, ikasleek, irakasleak ezer ez esan gabe, zenbait gauza galdetzen aritu direlako. Ingelesan ere, goizeko aurkezpenean esan bezala, taldetan egiten dute lan, tailer ezberdinak sortuaz. Ingelesa amaitu eta berriro ere neure tutorearekin bildu naiz ikasgelan, harekin baitzuten oraingo honetan klasea. 

Esperientzia bikaina izan da lehenengo egunekoa, bihar berriro itzultzeko desiraz. Egunez egun, blogean aipatu bezala, idazten joango naiz. Lehenengo egun honetakoa nahiko azaletik azaldu dut, soilik testuinguruan kokatzearren. Bihar gehiago eta hobeto!











2015(e)ko urriaren 11(a), igandea

PRACTICUM 2015-2016 AURKEZPENA


Kaixo, 

Soilik egun bat falta hainbeste denboraz itxaron dugun praktikaldiarekin hasteko. Hau bai biziko dugun esperientzia! Donostiako Amara Berri eskolan burutuko ditut praktikak, hilabete oso batez. Oso handiak dira buruan ditudan itxaropenak praktikaldiari dagokionez, baita hasteko gogoak ere. Alderdi teorikoa alde batera utzi eta praktikan jartzea... Ba zen garaia! Ikasgela batean sor daitezkeen arazok ikuskatzea, konponbideetan pentsatzea, metodologiaz berri izatea, ikasleen habilidadeak/auleziak aztertzea... Eta gauza asko gehiago oraindik bertan bizi behar ditudanak. 

Oraindik ez dakit zehazki zer ziklo egokitu zaidan, asteartean bertan, presentazioaren egunean, jakinaraziko digutela esan ziguten... Itxaron beharko, beraz. Egia esan, ez nago batere urduri, lasaitasunez hartuko dudalakoan nago, esperientzia biziaz, eta etorkizun baterako baliogarriak egingo zaizkidan ikasi eta barneratuaz. 

Neure blog honetan, egunez egun, egun bakoitzeko esperientziak, zailtasunak, ekintzak... idatziko ditut, eguneroko moduko bat osatuaz. 














2015(e)ko urriaren 10(a), larunbata

TALDEKO ARGAZKI ELKARRIZKETA




Teknologiak, hurbildu baino, urrundu egiten gaitu; zer ematen digu teknologiak gustuko ditugun beste zenbait ekintza edo gauza egiten uzteko? Hain handia al da satisfakzioa? Zergatik? Horrelako galderak etorri zitzaizkigun burura geure lanak haman komunean jartzerako orduan... Benetan lasaitasunez eta sakonduaz bete beharreko eztabaida dugu hau!

Egia esan, uste baino kointzidentzia gehiago izan ditugu teknologia alde batera utziaz ekintza aukeratzeko orduan. Bitxia iruditu zitzaigun, aipatu beharreko modukoa... Zeintzuk dira gauza hauek? Gehienbat, errepikatzen direnak, kirolarekin eta lagunekin egotearekin zerikusia dutenak dira; bai futbola, bai saskibaloia, bai menditik ibiltzea, lagunekin asteburu bat igarotzea... eta halakoak. 

Behin geure arteko alderaketa egin ostean, arestian aipatutako zenbait ideia eta galderetaz hasi ginen eztabaidatzen. Zergatik, zenbaitetan, gustuko ditugun gauza hauek alde batera utzi mobil batekin edo pantaia baten aurrean egoteko? Erosotasuna aipatu genuen, oro har. Oso eroso sentitzen gara, buruhauste handirik gabe... 

Beste aldetik, ekintza hauek betetzeak sortzen duen satisfakzioaz hitz egiten aritu ginen, benetan esperientzia bikainak! Honen inguruan hitz egiten ari ginela, egoera bat planteatu genuen, egun nahiko pilpilean dagoena. Gauez parrandara ateratzen den pertsona batek etengabe mugikorrarekin argazkiak edota bideoak ateratzen dituen pertsona, oro har, gau on edo txar bat igarotzen ari al da? Zer da benetan erakutsi nahi diguna? Gau bikaina igarotzen ari dela ikuskarazi nahi digu, hala nola, "snapchat"- en bidez, baina hala al da? Geure ustez, inondik ere ez. Harengan eta egin dezakeenaren segurtasun falta islada dezake horrelako jokaerekin... Beste zenbait ekintzetan ere egoera hau planteatzea posiblea da. 

Goazen benetan gustatzen zaizkigun gauza horiek bete edo egitera, eta hutsalkeria edota azalkeriak alde batera uztea!











2015(e)ko urriaren 9(a), ostirala

PRAKTIKALDIRAKO HASIERAKO IDEIA


Gure hasierako asmoa haurren teknologia berrien erabileraren inguruko hausnarketa sakon bat bideratzea da. Horretarako, erronka bat botako diegu, teknologia berrien ideia mugatuz. Horrez gain, lehenengo lau astegunetan, taldekide bakoitzak indibidualki gure eskolako esperientzia blogean plazaratuko dugu; eta ostiraletan, komunean jarriko dugu astean zehar izandako esperientzia argitalpen kolektibo bat eginez.

Planteatuko dugun erronka, zikloak, mailak eta testuingurua jakin ondoren azaleratuko dugu, nahiz eta ideia nahiko garbi izan, zuek irrikaz itxaron dezazuen...