Teknologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Teknologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko urriaren 24(a), larunbata

BIGARREN ASTEA (TEKNOLOGIAK)


Joan zaizkigu jada praktikaldietako bi aste, denbora nahikoa zenbait gauzetaz ohartzeko, baita hauek azterketa sakon bat egiteko ere. Azkeneko aste honek teknologiarekin loturiko zenbait bizipen edota esperientzia utzi dizkigu, nahiz eta lehenengo zikloan aritu. Honek benetan harritu egin nau, positiboki noski, txikitatik hauek maneiatzeak ondorio oso eraginkorrak izan ditzazkelako, eta ahare gehiago gertu eta ikusten dugun etorkizun honetan, etorkizun teknologizatu batean. 

Hasteko, esan, ikasle guztiak, nahiz eta txokoetan egin lan, ordenagiluetatik pasatzen direla, zenbait eragiketa, buruketa... osatzeko. Benetan gustuko dute une hori, oro har, ikasleentzako gauza berria baita. Ez dute inondik ere ordenagailua oso ondo maneiatzen, baina hau ez da arazoa, ikasteko baitaude, pixkana- pixkanaka. 

Asteazkenean bertan (urriaren 21) matematikako klasean lehenengo solairuan dagoen gelaxka batera joan ginen, bertan ordenagailu eta pantaia handi bat zeudelarik. Programa baten bidez ( aurrerago hitz egingo dut programa honi buruz, beste sarrera batean) egin genuen lan, eta haurrak oso motibatuak ikusi genituen; benetan geure etorkizuna irakasle moduan horrelako programekin lotuta egongo zela esan zidan irakasleak, adostasun osoa adierazi niolarik, egia baita, hori dirudi behintzat.

Atzo bertan, ostiralean (urriaren 23), telebista saio bat prestatu genuen, hedabideen txokoan, Amando irakaslearen laguntzarekin. Bertan klaseko 7 ikasle agertu ziren, bakoitzak gauza desberdin bat esan behar zuelarik; adibidez, data, eguraldia, albisteren bat, menu-a... beti ere aurkezle batek zuzentzen zuelarik. Grabazioa hirugarren zikloko bi ikaslek egin zuten, jada gauza berriak editatzen, musika jartzen, beste irudi batzuk agertzen... Teknikari bikainak!



















2015(e)ko irailaren 29(a), asteartea

TALDE LANA (TEKNOLOGIEN INGURUKO HAUSNARKETA)


TEKNOLOGIEN INGURUAN...


Urteak igaro ahala, gizakia esklabutza munduan geroz eta gehiago murgiltzen ari delakoan gaude... zeren esklabu? Teknologien esklabu, jakina! Gizartea pikutara doa eta honekin batera gizartearen partaide direnen harreman sozialak. Hau irakurtzearekin batera zuetako askok usteko duzue inoiz baina sozializatuagoak gaudela eta gure ideia hau okerra dela... baina, pantaila baten atzean dagoenarekin hitz egitea, hitz egitea al da? Lagun bat gaizki dagoenean mezu batean animoak bidaltzean lagun honek benetan jasotzen al du gure bultzada? Muxu bat bidaltzean beste aldean dagoenak sentitzen al du ezpainen kontaktua? Ez dugu uste...

Beraz, argi daukagu geroz eta izaki bakartiagoak garela, erosotasun honen barruan oso gustura gaudela uste dugula eta erosotasun honek galbiderantz garamatzalaren ideia ez dugula geure buruetan. Betirako biziko bagina bezala bizi gara, hau da, esku artean daukagun bizitzeko aukera paregabea ez aprobetxatzearen erabakiarekin goaz aurrera. Momentua bizitzea baina interesgarriagoa iruditzen zaigu momentuaren argazkia atera eta hau besteei erakustea, besteek gure momentuaren inguruan hitz egin dezaten. Besteek gure bizitza txalotzea nahi dugu, eta ez gara ohartzen gu garela gure bizitza bizitzearen arduradunak, ez sare sozialak. 

Gaixorik gaude denok, ezin gara kalera irten mugikorra patrikan eduki gabe, ezin gara ohean sartu ohe ondoko entxufean mobila kargatzen ipini gabe, ezin dugu eguna telebistako seriearen kapitulua ikusi gabe bukatu, lokartu aurretik geurekin bizi direnak agurtzea baina garrantzitsuagoa iruditzen zaigu Whatsappean ditugun "elkarrizketakideei" agur birtual hori bidaltzea...

Pikutara goaz eta galdera bat daukagu zuentzat: argia joatean, satelite guztiak desagertzean, teknologiak erabili ezin ditugunean... nor izango da kalera irtengo den ausarta?




2015(e)ko irailaren 18(a), ostirala



TEKNOLOGIA ETA GENEROA

Aurreko idazlanean oinarrituaz, honako honetan generoa aztertuko dugu, teknologia hartuaz berriro ere aztergai. Garai hartako oroitzapen oso garbirik ez izan arren, zenbait ezberdintasun baditut buruan genero eta teknologiaren inguruan, nahiz eta, neure ustez, ez oso argi ikusi egoera hau.
          
 Hasteko, esan, neuk, pertsonalki, ez ditudala “Play Station” eta halakoak maneiatu, ez txikitan ez orain. Gogoan dut neure lagunek dexente erabiltzen zituztela horrelako tramankuluak; hala ere, nik neuk ere zenbaitetan etxeko ordenagailuan aritzen nintzen jokatzen. Neskek, aldiz, oro har, ez zituzten halakoak erabiltzen, gehienbat beste joku batzuetan aritzea nahiago ohi zutelako, besteak beste, sokasaltoan, neure eskolan behintzat. Egia esan, ez dut “Play Station” edo halakoetan aritzen den neskik ezagutzen. Neuk ere, txikitatik, lehentasuna ematen nion kirolari teknologiari baino; txikia nintzela ez nuen mugikorrik izateko desira hura.
           
Gai konplexua dugu hau, soziologikoki oso aberatsa, xehetasunez beteta. Egun, neure ustez, ez da inondik ere egoera aldatu, nahiz eta egoera honen aurrean kontzientegoak izan egun.

           
Ikuspegi soziologiko batetik begiratuaz, oso nabaria da mutilek, oro har, biolentziaz eta akzioz betetako jokuetan aritzen direla. Honen kontsekuentzia oso garbia, zenbaitetan, haur mutilek plazaratzen duten jarrera agresiboak dira, zalantzarik gabe, aldatu beharrekoak. Nahiz eta jokuak adin baterako egon bideratuak eta portadan normalean honela adierazi, edonork erosi eta erabili ditzazke.

Bukatzeko, esan, generoaren auzia alde batera utziaz, gaur egungo gizartea eta geure harteko harremanak oso aldakorrak direla argi daukat; egun, eskola askotan tablet- ekin egiten dute lan ikasleek, informazioa jasotzeko baliabide edota iturriak nabarmen areagotuz. Teknologiaren garrantzia ezinbestekoa da gaur egun ikasgela guztietan, baita geure gizartean ere. Teknologia honen eragina munduko bazter guztietara iristen da, bai zuzenki edota zeharka.











2015(e)ko irailaren 15(a), asteartea



TEKNOLOGIAK KRONOLOGIKOKI


Haurtzaroan ginenetik izugarrizko bilakaera jasan du teknologiak, inoiz pentsa ezin zitekeena. Gaur egun teknologia eta IKT denadelakoan murgildurik gaudela ezin liteke ukatu, geure gizartean behintzat. Gogoan dut, txikia nintzela, etxeko ordenagailua soilik zenbait jokorekin dibertitzeko erabiltzen nuela, eta zenbaitetan internet zeozer arakatzeko. Garai hartako ordenagailuek eta gaur egungoek ere ez dute zerikusirik, gaua eta eguna direla esan genezake. Bilakaera nabarmen hau urte gutxitan eman da, 10 urtetan inguru kasu. Garai hartan ez genituen mugikorrik, salbuespenak salbuespen. Hala eta guztiz ere, argi dago tramankulu horiek ez zirela gaur egun erabiltzen ditugunak... mugikorraren funtsezko funtzioa betetzen zuten soilik gehienetan; hau da, deia. Aldaketa hau bortitza eta bapatekoa izan da, eta hemen betiko eztabaida agertzen da; onuragarria edo kaltegarria izan al da hau? Neure ustez, pertsonalki, teknologia ezinbestekoa bihurtu da geure gizartean, bai hezkuntzan, bai administrazioan, bai harremanetan...







Goazen ba hezkuntzan duen garrantzia aztertzera, irakasle izan nahi dudan neurrian. Gogoan ditut, Lehen Hezkuntzan, hirugarren zikloan bereziki, informatika gelan pasatzen genituen uneak. Gehienetan matematikako ariketak edota ingeleseko listening- ak lantzen genituen, bai eta, noizean behin, mekanografia kontuak ere. Guztiok genituen gustuko informatika gelara egiten genituen bisitak, dibertsioaren seinale bezela ikusten genuelako hura. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), gezurra badirudi ere, ordenagailuen funtzioa nabarmen aldatu zen. Dagoeneko jokuak alde batera utzi eta gehienbat informazioa bilatzeko erabiltzen genituen. Momentu honetan hasi zen smartphone-en kontu hau; dagoeneko gutako bakoitzak bat geneukan, eta sozializatzeko erak aldatu egin ziren nabarmen. Honekin batera sare sozialen agerpena eman zen ere, Tuenti edo Twitter izenekoak.

Hauekin batera, edo zertxobait beranduago, whatsapp- aren agerpena etorri zen, ikasleontzat oso erabilgarria izan dena, nahiz eta jende askok ezetz pentsa.

Konklusio bezela, esan, teknologia berriek, oro har, itsutu egiten gaituztela, ez baitugu honek ekar ditzazkeen ondorioak ezagutzen edo jakin nahi. Beraz, benetan gakoa hauen erabilera egokia izango litzateke, zalantzarik gabe. Gehiegikeriak bizitza honetan ez dira onak, eta teknologia ez da salbuespena; garrantzitsuagoak diren beste gauza asko ere landu behar ditugu, besteak beste, harreman sozioafektiboak, enpatia...